Eleaniztasuna
Larrabetzuko eskolako Hezkuntza proiektuan islatzen den moduan, hauexek dira hizkuntzei lotutako helburu orokorrak:
- Atzerriko Hizkuntzan ingurune arloa lantzea, natur zientziak eta giza zientziak gaiaren arabera.
- Hizkuntzak erabileraren bidez ikastea.
- Hizkuntza Komunikaziorako gaitasunak hobetzea.
- Diskurtsoko trebetasunak lantzea. Elkarrizketarako eta kritikarako gaitasunak garatzea.
- Hizkuntza desberdinen aurrean errespetuzko jokaerak bultzatzea.
- Ikasketaren prozesuan ikaslearen burujabetasuna eta auto-estima garatzea.
- Hizkuntzak lantzeko Teknologia berrien erabilera erraztea eta trebetasuna indartzea.
- Euskara irakaskuntza sistemaren berezko hizkuntza da.
- Euskal hiztun osoak izatera heltzeko behar den euskararen ezagupen maila eta euskal kulturarekiko identifikazioa lortzeko irizpide eta baliabide metodologiko eta antolakuntzakoak ezarriko dira.
- Euskararen erabilpena esparru guztietara zabalduko da, eskola-komunitatearen hizkuntza izanik.
- Ikasleak ahozko zein idatzizko eremuetan informazio trukaketa eta berenganatze maila kultuan egin ahal izateko gazteleraren garapena lortzeko baldintzak ezarriko dira.
- Atzerriko hizkuntzan oinarrizko komunikazioa eta ulermena lortzea izango da helburu.
- Edozein hizkuntza eta kulturarekiko jakin-mina eta begirunezko jarrerak garatuko dira.
- Gure ikasleek lortu beharreko erreferentziazko lorpen mailak (EEMB) Lehen Hezkuntzaren amaieran, honako hauek izango dira hiru hizkuntzetan gure ikasleen gaitasunak:
Euskara: Gai zehatzei nahiz abstraktuei buruz diharduten testu konplexuetako ideia nagusiak ulertzeko gai izatea, baita testu teknikoenak ere, betiere bere adinarekin lotutako gaiak badira. Jatorrizko hiztunekin mintzatzeko gai izatea, jariotasunez eta naturaltasunez, halako eran non ez solaskide batek ez besteak ez duten ahaleginik egin behar elkar ulertzeko. Gai askori buruzko testu argiak eta xeheak sortzeko gai izatea, eta gai izatea, orobat, gai orokorrei buruzko ikuspegi jakin bat aldezteko, aukera bakoitzaren aldeko eta kontrako argudioak emanez.
Gaztelania: Argi eta hizkuntza estandarrean idatzitako testuen puntu nagusiak ulertzeko gai izatea, gai ezagunei buruzkoak badira. Hizkuntza hori erabiltzen den momentuetan sor daitezkeen egoera gehienetan moldatzen jakitea. Gai ezagun edo interes pertsonalekoei buruzko testu soilak eta koherenteak osa ditzake. Esperientzien, gertaeren, nahien eta asmoen berri emateko gai izatea, eta orobat, bere iritziak labur-labur arrazoitzeko edo bere asmoak azaltzeko gai izatea.
Ingelesa: Bereziki esanguratsuak dituen esperientzia-esparruekin loturiko esaldiak eta esapideak, eguneroko bizitzakoak, ulertzeko gai izatea (bere buruari eta familiari buruzko oinarrizko informazioa, erosketei, intereseko lekuei, lanbideei eta abarri buruzko informazioa). Ataza soilak eta arruntak egiteko orduan komunikatzen jakitea, baldin eta ezagunak edo ohikoak dituen gaiei buruzko informazio truke erraza eta zuzena bakarrik eskatzen badute. Bere iraganaz eta inguruneaz deskribapen errazak egiten jakitea, baita bere berehalako beharrei buruzko deskribapenak egiten ere.