Larrabetzuko udaletxean garatzen ari den hiri-antolamendu plan berrirako Txinpasmendi Guraso Elkarteak ere ekarpenak edota eskaerak egin ditu. Gure proposamenak hurrengoak izan dira:
– Eskolako jolastokian frontoi txiki bat eraikitzea. Proposamen hau egin da eskolako jolastokiaren erabilerari etekin handiagoa ateratzeko helburuarekin: alde batetik, gure ikasleen aisialdiko eskaintza handituz eta, bestetik, umeen artean frontoi-jolasak bultzatuz. Proposamen honetan eskatzen dugun pilotalekuaren ezaugarri nagusiak hauexek dira: 22 metroko luzera, 8 metroko zabalera, 7 metroko altuera, zementuzkoa eta berdez pintatuta. Frontoia futbol zelaiaren eta igerilekuaren arteko kantoian kokatuko litzateke.
– Larrabetzu herrian 6 urtetik gorako umeentzako txinboak jartzea, orain dauden txinboak ume txikiagoentzako direlako.
– Eskolako txinbo batzuk aldatzea eta berriak ipintzea.
– Dakizuenez eskolatik “Larrabetzutik oinez” izeneko txangoak antolatzen ari gara (orain arte sei aldiz). Hildo honi jarraituz, Larrabetzun dauden mendi ibilbideak berreskuratzea, hau da garbitu eta seinaleztatzea. Holan, Larrabetzuko adin guztietako lagunek eta kanpotik etortzen direnek ibilbide hauetaz goxatzeko aukera paregabea izango dute.
– Eskola ondoan (Errebale kalean) eta orain abandonaturik dagoen etxearen ordez, eskolak eta herriak erabiltzeko ekipamendu berri bat eraikitzea. Ekipamendu berri hau kultura eta kirol anitza bultzatzeko balio izango luke: gimnasio handi berri bat eta ekitaldietarako gune berri bat behar dira. Esan beharra dago eskolako gimnasioa txiki eta eskas geratu dela, orain eskolaz aparteko ekintza askotarako erabiltzen da eta: gimnasia erritmikoa, euskal dantzak, antzerkia, yoga, tai-chi eta abar. Anguleri kultur aretoa ere txiki geratu da, antzerkia, zinema edo lagun asko egon behar diren ekitaldiak ezin dira egin edo egiten badira ez da erosoa .