Eunate Guarrotxena
Ali Etxarte
Marijo Ugalde
Egunotan komunikabide guztietan agertzen ari da sare publikoko jantokiko langileek catering enpresekin duten gatazka. Langileak euren eskubideak aldarrikatzen ari dira kontratatuta dituzten enpresen aurrean. Aurrekoan, Administrazioak egindako agerraldian bere lanean hastea eskatu zien langileei. Lehenengo eta behin langileok gure eskubideak defendatzeko ditugun tresnak, greba tartean, aldarrikatu nahi nituzke.
Eta eskatu nahi nioke gure administrazioari gogoratzea enpresa horiek beraiek kontratatutakoak direla, eta beraz erantzukizun handiena administrazioak berak daukala.
Ildo berdinean jarraituz gogora dezagun Hezkuntza Sailak behartu egin zituela Euskal Erkidegoko ikastetxe publiko guzti guztiak, askotan mehatxu bidez gainera (subentzio eta sukaldarien desagerpenarekin) catering enpresen bitartez euren jantokiak antolatzeko. Operario horretan eskola askotako sukaldeak desagertu egin ziren eta sukaldekin batera sukaldariak, lanpostuak alegia. Jantokietako kudeaketa guztia enpresa batzuen eskuetan geratu zen, hiru enpresa handi guztira. Langileen lanpostuen gestioaz gain gure seme-alaben elikadura eredua ere enpresa hauen eskuetan geratu zen. Administrazioak enpresa hauen jarduera eta kalitatea kontrolpean dituela esan ohi du baina gurasoek badakigu gure umeak bazkaldu gabe etortzen direla sarritan etxera eta jaten dutena ez dela kalitatezkoa.
Guraso batzuk, administrazioren mehatxupean, gure jantokia guk kudeatzearen alde egin genuen apostua. Eta dministrazioak laguntza ekonomikoa eta sukaldariak kendu egin zizkigun. Hala ere aurrera egin genuen autogestioaren bidetik. Gaur egun kalitatezko elikadura ( bertoko produktoak, sasoiko fruta, kalitatezko arraina eta okela, produkto ekologikoak,…) ematen diegu gure seme-alabei eta langileen gestioa guk geuk eramaten dugu. Arazoren bat egon ezkero Eskolako komunitateak hartzen du ardura konpondu eta alde guztiak bateratzeko.
Gurasook batzutan ekintza berezi batzuk antolatzen ditugu gure jantokia aurrera eramateko eta enpresa horien parean gaude soldata eta prezioei dagokienez.
Guri bapatean, galdera batzuk datozkigu gogora:
- Zenbat demontre irabazten dute catering enpresa hauek erabiltzen duten elikagaien kalitatea ikusita?
- Noren esku daude enpresa hauek administrazioak eskua sartu nahi ez izateko?
- Zergatik ez du onartzen ikastetxeen autonomia?
- Irabaziak ez dira nahikoak langileen eskubideak bermatzeko?
Gure ustez enpresa hauek dituzten irabaziak izugarrizkoak dira eta itzelezko negozioa topatu dute. Baina honen arduraduna administrazio uublikoa da, berak eragin baitu egoera hau. Jezar daitela beraz gure Administrazioa langile, enpresa eta eskolako komunitate osoarekin eztabaida honi enpresa-langile gatazka baino, behar duen dimensioa emateko.