Menu Close

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria Larrabetzun

BOROBILEAN ikuskizunaren kartela

Pirritx, Porrotx eta Marimotots taldeko ikuskizun berria (BOROBILEAN) abenduaren 1ean Larrabetzuko frontoian izango dugu Txinpasmendi Guraso Elkarteak antolatuta.

Sarrerak Angulerin, arratsaldeko 16:30etik 19:30era, salgai egongo dira azaroaren 8tik aurrera agortu arte.

Prezioa 8 eurokoa da. 2 urte beteta ez duten umeek ez dute ordaindu behar, baina ezin izango dute aulki bat okupatu: bere guraso baten altzoan egon beharko dute. Gehienez, pertsona bakoitzeko 6 sarrera salduko dira.

Ikuskizuna 18:00etan izango da. Frontoiko atea 30 minutu lehenago zabalduko da.

SINOPSIA:
Eguna esnatuaz batera, etxean hasi eta eskolan jarraitu, lagunartean eta kalean gero, elkarren
arteko harremanak harilkatzen dira etengabe bizikidetasunaren amaraunean. Oraingoan
pailazoek galdera egingo diote euren buruari: Nork agintzen du etxean? Nork eskolan? Eta
kalean? Lagunartean?
Gosalorduan hasten dira komunerako bisitak. Pijamak erantzi eta arropak jantzi, Lagun
txakurra paseatu, hamaiketakoa prestatu eta badoaz pailazoak eskolara lagunbusean.
Marimori, baina, berandutu egin zaio. Ulerkorra eta maitakorra da Maribel andereñoa,
mundua ikasgela bihurtzen diena, ez hala Jeronimo, pailazoen bizilagun erretxina. Umeei
purrustadaka ari zaie beti eta pailazoek uste dute ez dela pozik bizi. Jeronimok lainoa beti beltz
ikusten du. Oraingoan, ordea, aldamenean keinuka den ostadarraren printzak ikusaraziko
dizkiote gure lagunek 
Borobilean eseriko dira denak, begiak eta bihotzak elkarri begira: Arauak ezarri, ardurak hartu
eta banatu, antolatu, nork bere lekua hartu, pozak, minak eta desirak elkarri kontatu,
errespetua landu, elkar ulertzen saiatu, erabakiak hartu… 
Eman, jaso eta moldatu, bizikidetzaren sokatan funanbulista bihurraraziko gaituzte denok
pailazoek.

Badakizu… abenduaren 1ean erdu Larrabetzuko frontoira Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin disfrutatzera!