Larrabetzuko Udaletxean txinerazko pankarta bat jarri dute
…Eta umeak izan dira jarri dutenak. Letra handi eta beltzez, zehatz-mehatz hauxe jartzen du bertan:
Umeek zerbait esan nahi digute.
Jakinmin handia piztu du gertakariak. Pankartaz gain, kartelak, txapak, bideo eta mezu elektronikoak ere zabaldu dira herrian. Umeek zerbait esan nahi diete herrikideei… Eta ekainaren 14.era arte ez dugu jakingo zer den.
LUKen (*) zerbait egosten ari gara, herri osoari, herritar guztioi dagokigun zerbait. Irrikitan gaude egun hori ailegatzeko, mezu inportante bat dago esateko eta misterio baten tankera du hasiera batean.
(*) LUK edo Larrabetzuko Umeen Kontseilua Alkateari aholku ematen dion eta herriarentzako lan egiten duen 9 eta 11 urte bitarteko pertsonen lantaldea da. Pertsona hauek euren iritzi, ikuspuntu eta desioak Alkatearekin partekatzen dituzte, eta erabakiak hartzen laguntzen diote, haren ikuspuntua aberastu eta haurren begiradatik ikas dezan bere udal ardurari dagokionean. Umeen partehartze politikorako egitasmo bat da, beraz, Jakintsuen Kontseilu hau. Alkateak eta Udaleko Gobernu Taldeak 2016an hartu zuten lantalde honen proposamenak aditu eta baloratzeko konpromisoa. Geroztik, urtero zozketa berriak egiten dira ikasturte hasieran 12 umeko taldea osatzeko, eta hilero elkartzen gara herrigintzan aritzeko.
Aurten, Larrabetzuko Udalak euskararen kaleko erabilpena sustatzeko kanpaina bat egiteko eskatu zion LUKi. Izan ere, erabilpenak behera egin duela esaten dute azken datuek, bereziki adin ertaineko pertsonei dagokienean. Umeek eta adinekoek dexente gehiago erabiltzen dute, hortaz planteamendua honakoa izan da: “galdetu diezaiegun umeei nola egin daitekeen”. Otsailetik hona aritu gara horretan lanean eta kanpaina aurkezteko ordua iritsi da.
LUKek ekainaren 10ean egingo du ikasturte honetako bere azken bilera, astelehenez. Egun horretan abiatuko da Larrabetzuko herrian kanpaina hau.
Aurkezpen publikoa ekainaren 14an arratsaldeko 17:30etan izango da, ostiralez, herriko plazan. Bertan plazaratuko da txinerazko mezuaren esanahia.
Egin dezagun euskararen erabilpena areagotzeko olatu handi bat!
Eman diezaiegun hitza umeei!
Hemen kontsultatu ditzakezue LUK azken bileratako kronikak:
https://www.larrabetzu.eus/eu-ES/Udala/LUK/Orriak/default.aspx
Hemen ikus ditzakezue LUKeko argazki guztiak: Larrabetzuko Umeen Kontseilua’s albums | Flickr
Larrabetzuko Umeen Kontseilua’s albums | Flickr |
PD: Umeek esan nahi diguten esaldiarekin lotutako lehenengo pista honako hau da:
1. PISTA: Euskararekin lotuta dago
Mila esker zuen interesagatik!
Ostiralera arte!